HABE.- Zein da, zure ustez, Freudek egin duen ekarpenik azpimarragarriena?
AINHOA ALBERDI.- Dudarik gabe, inkontzientea, eta inkontzientearen barruan, ametsak. Inkontzientea, adimenaren eta arrazonamenduarekin zerikusirik ez daukan garunaren dimentsio bat da. Testuinguru horretan, ametsek leku garrantzitsua hartzen dute. Ez daukagu ametsei ez kasu egiteko, ezta lantzeko ohiturarik ere. Baina, hor izugarrizko lanketa egin daiteke. Nola? Errazena, adibidez, izan dugun ametsa idatzi eta ondoren aztertzea litzateke. Horrek lagunduko liguke gure errealitatearen egunerokoak diren hainbat gauza ikusten eta ulertarazten.
H.- Jende askok esaten du ez dituela ametsak gogoratzen, zergatik?
A. A.- Ez ditugu gogoratzen ez ditugulako lantzen, adi ez gaudelako, ez gaude horretarako esna. Gizartean dagoen joera orokorra bizitzari anestesia ematea da; alkoholak, tabakoak, telebistak, drogak, estimulatzaileak... horiek denek galarazten digute ametsak gogoratzeko dugun gaitasun naturala. Uste dut ez garela kontzienteki esna bizi, eta bizitzeko beharrezkoa da adi, esna, egotea.
H.- Ametsek zertan laguntzen digute?
A. A.- Ametsetan ateratzen dira gure arrazoiak intelektualki onartu ezin dituen gauzak. Hor daude, baina ez ditugu ikusi nahi, eta ez ditugu ikusiko gure sentiberatasuna eta ahuleziak babesteko mekanismo psikologikoak eraiki ditugulako, bizitzen jarraitzeko oso beharrezkoak zaizkigunak. Umetatik hasten gara defentsa horiek aktibatzen, eta gogorrak izan diren bizipen asko gordeta geratzen dira gure inkontzientean, gure izakeran berebiziko eragina izango dutenak. Ametsek, bizipen horiek ateratzen laguntzen digute, eta metafora bidez, gure bizitza ulertzeko tresna eskaintzen digute.
H.- Psikoanalisiari mugarik ikusten al diozu?
A. A.- Terapia horretan, diban baten gainean etzanda, gaixoak hitz egin eta psikoanalistak esaten duzun horri arreta handia jartzen dio: ametsei, egin dituzun hitz-lapsusei... Hori dena ondo dago, inkontzientearekin lotura egitera eramaten zaituelako. Baina, nik uste dut terapia bezala intelektualegia dela, hizkuntza adimenaren fruitua delako, batzuetan erraz manipula daitekeena, gainera. Nire ustez, hitzen lengoaiatik haratago, pertsona bere osotasunean hartzean datza gakoa: gorputza, arima, burua, emozioak, adimena... gure kontzientzia zentzu guztietan zabaltzen uzten diguten terapiek balio handiagoa dute.
H.- Oso zabala da psikoterapiaren mundua. Baina zuk, zein metodo aipatuko zenuke bereziki interesgarria iruditu zaizulako?
A. A.- Asko iruditzen zaizkit interesgarriak. Baina, ez nuke "familia-konstelazioaren terapia-metodoa" aipatu gabe utzi nahi. Bert Hellinger psikoterapeuta alemaniarrak sortua da, eta gaur egun indar dezente hartu du. Bere teoriaren arabera, gure inkontzientean gehien markatzen duen edukiak zerikusia du gure familian blokeatuta geratu diren energiekin. Berak esaten duenez, belaunaldi batean (gure birramonaren garaian, adibidez) familian izandako gatazkaren bat konpondu gabe geratu bada, normalean emozionalki oso gogorra izan delako (suizidioa, gerran hildakoak...) hurrengo belaunaldietara igarotzen da, familiako kideren batengan desoreka sorraraziz. Terapia honek, arazoaren sorrera identifikatu eta sistemaren ordena berreskuratzen laguntzen du.